
- This evento has passed.
GANBERA MUSIKA
10/10/2022 | 20:00

Kontzertu honek bere baitan biltzen ditu musika sorkuntza garaikidearen espektro estetiko eta tematiko zabal bat marrazten duten lau iruditeria, sendotasun eta aitorpen artistiko handiko lau ahotsek ordezkatuak. Gai politikoak eta sozialak etengabekoak dira Hilda Paredes mexikar konpositorearen obran, non Mexikoko kultura indigenak eta hainbat gatazkaren salaketa uztartzen diren, hori dena artikulatuta harrigarriki aberatsa eta intelektualki gaitasun handikoa den soinu baten bilaketaren bidez. José Mª Sánchez-Verdúk unibertso poetiko bat eskaintzen digu, soinuaren «mutur eta muga», sarritan inspiratzen dena argian, kolorean, arte bisualetan, arkitekturan eta, orain aurkeztutako partituraren kasuan, Pablo Serranoren eskultura lanean, hutsaren eta absentziaren nozioa lantzen duena. Teresa Catalánen orrialdeak bere musika lengoaia du ardatz, ezaugarri dituena egilearen asmamena eta sentsibilitate eta posizionamendu estetikoa, tentsio baten sintesi eta berrikuspen gisa: historikoki onartutako lengoaien ―abangoardiak, nolabait esatearren― eta aurreko beste lengoaia batzuen ―abangoardien eraginetik at― arteko tentsioa. Tomás Marcok omenaldi bat egiten dio Adolfo Salazarri, pieza txiki multzo baten bidez, soinu poema laburrak, non tinbrearen espazioa konfiguratzen eta birkonfiguratzen den, era horretan gogora ekarriz soinu poesia bat, eta musika karaktereen ugaritasun aberats bat marraztuz. E7.2 Kolektiboa arduratzen da kontzertuaren interpretazio musikalaz eta proposamen eszeniko-performatikoaz, talderik aipagarriena soinu esperimentazioan eta sorkuntzan Nafarroako musika garaikidearen alorrean.