
- This evento has passed.
Irudimenaren gorespena
15/10/2022 | 11:00

Mahai ingurua: Ignacio Echeverría, Juan Tallón, Belén Gopegui. Moderatzailea: Roberto Valencia.
Literatur narratiba aldatu egin da. Edo, gutxienez, mutatu. Kontua ez da fikzioaren eta benetako gertakarien arteko bereizketa beti arazotsua gauetik goizera desagertu dela. Aldiz, egungo idazle askoren proiektu narratiboek, duela denbora batetik, bi esfera horien hibridazioa gauzatzen dute. Gaur egun, egile gutxik egiten dio uko fikziozkoaren eta errealaren arteko erdibidean dagoen estatus anbiguoa duten pertsonaiak eta narratzaileak pentsatzeari beren nobeletan. Garai postmoderno hauen ondorioz, zeinetan ematen duen metakontaketek gizatiarraren esperientzia osoa biltzen ez dutela, selfien, nartzisismo komunikatiboaren, errealitatearen kontzepzio komunitarioaren gainetik niaren nagusitasunaren garai hauetan, ematen du “fikzio puruaren” atzeraldia egon dela literaturaren esparruan. Benetan, ez da horrela: narratiba pribatizatu egin da esperientzia kolektiboaren konplexutasuna hartzeko gai diren fikzioak, gutxi edo gehiago subliminalki induzituta, sortzeari uko egitearen bitartez. Niak agintzen du. Hau da, bere burua izen-abizenekin bere fikzioetan (errealak edo ez) sartzen duen idazleak agintzen du; gehiegi ezagutu daitezkeen etxeko espazioek agintzen dute; aitorpen autobiografikoek agintzen dute. Hala ere, egoera ia itogarri horren ondorioz, irakurleek noizean behin irudimenaren amarruaren mira dute. Narratzaileek imajinatzeari uko egin al diote? Ahaztu egin al dute irudimenak errealitatearekiko beharrezko distantzia sortzen duela? Zerk eratzen du tresna onena gatazkak, beharrizanak, itxaropenak, egoerak, etorkizunak pentsatzeko?