Pablo Sarasatek 1879an sortua, Orquesta Sinfónica de Navarra/Nafarroako Orkestra Sinfonikoa Espainiako panorama sinfoniko aktiboan dagoen talderik zaharrena da. Gaur egun, Baluarte Fundazioaren barruan dago eta Foru Komunitateko orkestra ofiziala da. 140 urte bete dituen honetan, Nafarroako Orkestra Sinfonikoa Espainiako zein atzerriko auditorio, opera denboraldi eta jaialdi nagusiek gonbidatu dute. Gaur egun, OSN/NOSek abonamendu kontzertuen denboraldi egonkor bat aurkezten dio Nafarroako publikoari Iruñean -Baluarte Auditoriuma-, Tuteran -Gaztambide Antzokia- eta Tafallan -Tafalla Kulturgunea-, eta jarduera sozial eta hezitzaile garrantzitsua garatzen du Foru Erkidego osoan Sinfonikoa Nafarroan programa bitartez. Erakunde lanak eta Nafarroako enbaxadore sinfoniko gisa hartzen dituen aurkezpen ofizialak alde batera utzita, OSN/NOSek modu erregularrean egiten ditu diskoen eta soinu-banden grabazioak, eta 2019az geroztik AMAENekin (Nafarroako Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboa) kolaboratzen du, Nafarroako Fonoteka hornituz, Nafarroako musikagileen ondare eta sorkuntza lan berriekin.