Skip links

Gaiak

Iruñeko 72-22 Topaketek «larrialdiko eskuliburu» bat sortzeko beharra dute abiapuntu, garaikidetasunaren gai nagusiei buruz eztabaida zorrotza egitera gonbidatzeko. Halatan, gaikako multzo handien inguruan antolatuta aurkeztuko da programazioa, hala nola XXI. mendearen bilakaera, Europaren noraeza, teknologia berriak, gorrotoari buruzko diskurtsoak, feminismoak eta “beste hizkuntzen”, esate baterako artea, musika, literatura eta zinema, eraldatzeko gaitasuna.

XXI. MENDEA PENTSATZEA

Teknologia berrien eginkizuna, Humanismoaren egoera pentsatzea, denboraren kontzeptua eta Historiaren esanahia birplanteatzea, beharrezkoak ez diren ondasunen gainprodukzioak eragindako egoera ekologikoa aztertzea eta arlo ekonomikoan globalizazioak huts egitea, horiexek dira, beste askoren artean, XXI. mendea pentsatzea saio honetan egiten diren galderak.

GORROTOAREN AURKAKO DISKURTSOAK

Gaur egun, gero eta konplexuagoa den munduaren fruitu gisa ikus daiteke intolerantzia, eta mundu honetan bere pisua, nortasuna eta esanahia galdu egin ditu “lagun hurkoaren” kontzeptuak. Hori dela eta, gero eta handiagoa da arrazakeria, demokraziak (ez bakarrik europarrak) zatikatzen ari den politika populistek bultzatua gainera.

ARTEAZ MINTZATZEKO

Instalazio ausartek, obra elementu bizi bihurtzen duten performanceek, teknologia berriak erabiltzeak, material primarioak erabiltzearen aldean, artearen kontzeptu berri bat ekarri dute, baita teorizazio bat ere, eta museoek sorkuntzaren topaleku gisa duten balioa zalantzan jarri ere egiten dute.

ZINEMA ZINEMA DENEAN

Non dago zinema? Erantzun al daiteke galdera hori? Arte plastikoen eta musikaren alorrean gertatutakoa zineman gertatzen da gaur egun. Zinema aretoetan al dago benetan? Ekoizpen handiek ba al dute zentzurik? Galdera horiek dira egungo zinemagile aurreratuenek eta erradikalenek ireki dituztenak.

EUROPAREN NORAEZA

Egiaz posible al da Europa? Edo AEBen satelite gisa bakarrik iraun dezake? Eraginkorra al da europar Batasunaren proiektua? Edo, bestela esanda, egokia al da haren planteamendua? Nietzschek zioen gaixo sendaezina zela Europa, baina, egiaz hala al da? Egia al da Europa nihilismoaren feudoa dela?

MUSIKA ETA BERE ESATEKO GARAIKIDEA

Ernst Bloch-ek duela hamarkada batzuk esan zuen «eraginkortasun etikorako» bidea zela musika. Horrela defini daiteke adierazpen berriei bidea ireki dien aukera teknologikoa duen arte horren betekizuna. Musikak gutxitan eratu du hain lotura estua pentsamenduarekin, eta gutxitan eman du gure garaiko sentipenaren adierazpen hain bukatua.

TEKNOLOGIAREN INGURUKO GALDERAK

Teknologiaren etorrerak, gaur egun aurrekaririk gabeko azelerazio prozesua bizitzen ari baita, guztia birformulatu beharra ekarri du berekin. Bidezkoa da geure buruari galdetzea gizarte ororen zimendu den etikaren zentzuaren aurka ote dauden gure bizitzeko moduak, kontrol zibernetikoaren ondorioz aldatzen ari baitira, lanarekiko harremana, produkzio bitartekoak, arazo ekologiko larria, bai eta demografikoa ere.

GENERO BARIAZIOAK

Proposamen feministak ez dira mugatzen diskurtso bakar batera, eta anitzak dira. 70eko hamarkadan, feminismoa «eredurik gabeko iraultza» bat izan zen, ideal ilustratuetatik eta emantzipaziorako iraultza mugimendu modernoetatik harago zihoana. Orduan, bizitza pribatuaren hainbat atal politizatzen hasi ziren, zalantzan jartzen sexuen hierarkia eta kontrakotasun binarioa. Askatasun leherketa bat izan zen.

Literatura labanaren ahoan

Gaur, XXI. mendean, bultzada teknologikoak bizirautera behartu du literatura. Kontua ez da literatura sorkuntzak nortasun krisi bat bizi duela –edo agian bai–, baina, zeharkako modu batean niaren narratiben bidez edo zuzenean narrazio globalisten alde apustu eginez, literaturak ahotsa altxa behar izan du, ez dezaten har fluxu komunikatibo berrien apendize huts gisa.

MUNDUA, SORTZEA, BEHATZEA, ENTZUTEA

Praktika artistikoa, bere modalitate eta diziplina guztietan, barneko eta kanpoko errealitatea arakatzeko jarduera bat da, materiaren, irudiaren, mugimenduaren eta soinuaren bidez. Iruña hiriak ateak zabalduko dizkie arteei eta pertsonei, desberdintasunari eta dibertsitateari. Abegi egin nahi duen hiria, gogoeta, praktika artistikotik abiatuta. Mundua sortzea, behatzea eta entzutea, ez aisia modu gisa, eraldaketa eta gogoeta elementu gisa baizik.

Ikusi
Drag