GORROTOAREN AURKAKO DISKURTSOAK
Gaur egun, gero eta konplexuagoa den munduaren fruitu gisa ikus daiteke intolerantzia, eta mundu honetan bere pisua, nortasuna eta esanahia galdu egin ditu “lagun hurkoaren” kontzeptuak. Hori dela eta, gero eta handiagoa da arrazakeria, demokraziak (ez bakarrik europarrak) zatikatzen ari den politika populistek bultzatua gainera. “Bestea ulertzeko” eta “beste hori ulertzeko” saiakera hura, Emanuel Levinas filosofoak orain dela hamarkada batzuk defendatu zuena, kontzeptu gisa lausotu egin dela dirudi, eta, beraz, kritika egin behar zaio beste herrialde eta kultura batzuetatik datozen pertsonekiko gutxiespen joera gero eta handiagoa dakarrenari. Azterketa soziologiko zorrotzaren eta politika berrituaren bidez baino ezin zaie aurre egin, ardatza etikan izanda betiere, arraza arazoei eta gero eta handiagoa den espezismoari.
Aldaketa demografikoak, munduko leku askotan bizi diren pobreziak eta indarkeriak eraginak sarritan, gizarte berri bat sortzen ari dira, eta gizarte berri horrek ahalik eta aniztasun eta ulermen handiena behar du elkarbizitza bideragarri egiteko. Ezin da elkar ulertu aldez aurretik lan pedagogiko bat egin gabe, gai izango dena ezinbesteko kulturen arteko gurutzaketak harmonizatzeko eta gaur egun eskala handian gertatzen den migrazio-fenomenoari erantzun adimentsua emateko.
Gorrotoa ez da soilik arraza-kontu batera mugatzen, denok dakigun bezala, herritar bakoitzak sexualitatea ulertzeko eta sexualitatearen inguruan duen aukera pertsonala ulertzeko modu desberdinetara ere hedatzen baita, hau da, nork bere burua identifikatzeko eta nork bere sexu-orientazioa aukeratzeko askatasunera. Horri gehitu behar zaio gizartean dagoen desparekotasun kezkagarria, eta oraingoz geldiezina, zeina, pentsamendu neoliberal gero eta kontrolik gabekoaren pean, eufemistikoki “pobrezia-poltsa” deitutakoak izatea bultzatzen ari baita. Horrek prekarietate handia dakar, batez ere hiri handien aldirietan nabari dena, baztertuen herrigune osoak bizi baitira haietan.
Kontua da, beraz, ekitatea lortzea eta funtsezkoak bezain logikoak diren eskubideen defentsa bultzatzea. Arazo horien testuinguruan kokatzen da Gorrotoaren aurkako diskurtsoen proposamena, zeinaren edukia pentsatua baitago xenofobiaren, homofobiaren eta desparekotasunaren (termino ekonomikoetan) ikuspegi kritiko eta aurkakoa aztertzeko, eta, ahal den neurrian bederen, indartzeko, lehen esan den bezala, herrialde demokratikoetan ezarri direnak, eragin populista eta antidemokratikoaren paradoxa handiari lotuta baitaude gaur egun.
Topaketetan parte hartuko duten egileak beren planteamendu intelektual sendoagatik eta hemen aipatutako fenomeno horiek aztertzeko duten gaitasunagatik dira ezagun. Beren konpromiso handiagatik nabarmentzen dira, eta egindako ibilbide garrantzitsua dute berme. Pizgarri garrantzitsuak dira, inolaz ere, eta tolerantziaren aldeko urratsa.