Skip links

LITERATURAREN AHOA

Gaur, XXI. mendean, bultzada teknologikoak bizirautera behartu du literatura. Kontua ez da literatura sorkuntzak nortasun krisi bat bizi duela –edo agian bai–, baina, zeharkako modu batean niaren narratiben bidez edo zuzenean narrazio globalisten alde apustu eginez, literaturak ahotsa altxa behar izan du, ez dezaten har fluxu komunikatibo berrien apendize huts gisa.

Mundua kontatzeko bere funtsezko zereginean, literaturak aurre egin behar izan zion XX. mendean zinemaren lehiari. Eta gizakiaren barrura begiratuz egin zuen hori, bidaia zirraragarri batean, ohartzeko ezen adierazpide sozial eta artistikoak barruan sortzen direla, gure emozioen eta pentsamenduen erro psikologikoetan. Gainera, asaldura belikoen izugarrikeria ere asimilatu behar izan zuen, baita munduaren antolakuntza sozial eta politiko berriaren eraginkortasun promesak ere. XX. mendearen bigarren erdian jada, literaturak konexio berezi bat izan zuen intelektualitatearen diskurtso berriekin, haren forma akademikoen gainetik nabarmenduz batzuetan, eta behera eroriz beste batzuetan.   Gaur, XXI. mendean, bultzada teknologikoak bizirautera behartu du literatura. Kontua ez da literatura sorkuntzak nortasun krisi bat bizi duela –edo agian bai–, baina, zeharkako modu batean niaren narratiben bidez edo zuzenean narrazio globalisten alde apustu eginez, literaturak ahotsa altxa behar izan du, ez dezaten har fluxu komunikatibo berrien apendize huts gisa. Egia da gaur egun inoiz baino gehiago irakurtzen dela, baina irakurritakoa ez dator bat bikaintasunaren kanon zaharrekin, sentsibilitatearekin eta autokontzientziarekin. Pantailetan, ezin konta ahala mezu, informazio, nahaste linguistiko, manipulazio, iragarki eta literatura zatiki aurkitzen ditu gizakiak, edonor gogaitzeko modukoak, ezin okerrago tekleatuak. Aldiz, liburuek atsedenerako gomita egiten dute, horrenbesteko presazko irakurraldiek ez bezala, eta gogoeta, pausa eta edertasun dosi jakintsuak eskaintzen dizkigute. Zein da gorabehera horren emaitza? Erantzuna literatura jakin bat da, alde batetik egungo erlatibismoekin sinbiotizatzen dena, baina, bestetik, saiatzen dena irakurleari forma konplexuak helarazten, non hitzak edukiarekin hibridatzen diren eta aurre egiten zaien bulkadez eraikitako mundu baten asmo komertzial edo ideologikoei. Literaturarentzat, indarrean darrai iraganaren espirituak: zeregin nekaezin bat, errealitatea eratzen duten formak finkatzeko modu berriak (ez agerikoak) aurkitzeko, ahalik eta modu egokienean eta zirraragarrienean. Kasu honetan -egungo panorama posthumanista-, literaturak bizirik irauten du, bai horixe, eldarnio komunikatiboaren, anbibalentzia teknologikoaren, tirania ekonomikoaren, hondamendi ekologistaren abisuen eta emotibitate sexual eta sozialaren mapa berriaren erdian, eta balio berezia hartzen du haren promesa zaharrak: oraindik badagoela zer kontatu eta oraindik badagoela denboraren ibaian finkatu beharreko hitzik. 

Ikusi
Drag