Skip to content

Salvatore Sciarrino

Palermon jaio zen, 1947an, eta musikagilea da. Azken mende erdiko estilorik bereizgarri eta eraginkorrenetako bat du, eta haren katalogoan bilduta daude berrogeita hamar urte baino gehiagoan sortutako operak, ganbera musika, eta orkestra, bakarlari, antzerki eta telebistarako lanak. 

Erromako Santa Zezilia Akademiako, Bavariako Arte Ederren Akademiako eta Berlingo Arteen Akademiako kidea da, eta honako sari hauek jaso ditu: Monakoko Pierre Printzearen Saria eta Feltrinelli Nazioarteko Saria 2003an, Salzburg Music Prize 2006an, BBVA Fundazioaren Ezagutzaren Mugak Saria 2011n, La Fenice Antzokiaren Saria 2014an, eta Veneziako Bienaleko Urrezko Lehoia 2016an. 

Sciarrinoren opera eta antzerki lan nabarmena Europako antzoki nagusiek enkargatu eta aurkeztu dute, hala nola Teatro alla Scalak, Veneziako Bienalak, hiri bereko La Fenice Antzokiak, Parisko Opera Nazionalak, edo Stuttgart, Frankfurt, Mannheim eta Wuppertaleko antzokiek eta operek, besteak beste. Era berean, kontzerturako musikan enkargu ugari jaso ditu Sciarrinok, eta orkestra eta instrumentu talde garrantzitsuenek jo dituzte. Europako eta Amerikako musika garaikideko zenbait jaialditan, programazioaren elementu nagusia izan da haren lana.

Milan, Perugia eta Florentziako kontserbatorioetan irakasle izan da, eta Città di Castellon eta Bostongo Unibertsitatean ikastaroak eman ditu. Konposizioko maisu gisa, Sienako Accademia Chigianan irakasle lanetan aritu da. Honoris Causa doktorea da Palermoko Unibertsitatean, eta pentsamenduari eta musikaren analisiari buruzko testuak eta liburuak argitaratu ditu. Sciarrinoren lana ehun eta berrogeita hamar grabazio diskografiko baino gehiagotan argitaratu dute, eta haren garaiko diskografiarik zabalenetako bat du.

Argazkia © Clarissa Lapolla