Frantzia-Kataluniako Baró d’Evel konpainia Camille Decourtyek eta Blaï Mateu Triasek sortu zuten, 2001ean. Dantza konpainia bat edo zirku bat baino gehiago da. Baró d’Evelek proposamen koral bat egiten du, zirkuko akrobaziak, zuzeneko musika, poesia bisuala eta antzerkiko hizkuntza uztartuz.
Konpainiak “erabateko artea” bilatzen du bere proposamenetan, egunero gogor lan eginez. Mugimendua, akrobazia, ahotsa, musika eta materia uztartzen ditu, eta animaliekin nahasi; izan ere, Baróren obraren funtsezko figurak dira animaliak, ikuskizunari emozioa ematen diote, eta ikuslea txundituta uzten dute haien presentzia hutsagatik. “Ikuskizuna zeremonia moduan pentsatzea gustatzen zaigu, sorginkeria bat balitz bezala, eta diziplina guztiak gonbidatzea, agertokian animaliak, haurrak eta artistak biltzea. Azken batean, ikuslea barne labirinto batean barrena eraman nahi dugu, amets batean barrena, baina esna dagoela.”