Memoria sarritan zorretan dago, eta berrezartzea eskatzen du. Historian zehar erabakigarriak izan diren emakumeek ezin dute ideien eta kulturaren oin oharretan egon; ez dute hor egon behar. Atal hau beste pentsamolde bat izateagatik eta munduan bizitzeko beste modu bat proposatzeagatik bere garaian erabakigarriak izan ziren eta gaur egun ere erabakigarriak diren emakumezko figura eta egileei egin beharreko omenaldia da, merezi duten aldarrikapena. Hildegarda Bingengoa, Marguerite Porete eta Erdi Aroko beste pertsonaia erabakigarri batzuk oroituta, edo beti desegiteko zorian zegoen Europa endemikoki asaldatuan gizarte mugimenduetan aitzindari izandako emakumeak gogoratuta, beste sentsibilitate eta jakintza modu batzuetara hurbilduko gara. Bestela jarduteko bide horiek ez dira arlo batzuetara mugatzen; aitzitik, arte guztietan ageri dira, eta pentsamenduan, baita gorputzaren keinuetan ere, horiek ere eduki politikoa baitaukate.