Skip to content

IBILBIDEAK

“Nahita eragindako noraeza gezurtatzeko eta kritikatzeko borondatea”

Kultura, arte eta pentsamenduaren bienalak, lehen ediziotik, pentsamendu bide berriak proposatu nahi izan ditu, bide artistiko eta kultural berriak, baita zientifikoak ere, gure garaiaren konplexutasuna interpretatzeko eta argitzeko aukera ematen diguten bideak. Haatik, eta asmo garbi horretatik aldendu gabe, 2026ko Topaketek oso funtzio espezifikoa izango dute, aurreko edizioetako funtzioaren bestelakoa, hein batean. Garaiak agintzen du eta. 

Helburu nagusia izango da agerian uztea ideologikoki desitxuratzailea den gure mundu hau, botereek gezurra logika ukaezin gisa gerta dadin antolatua. Bokazio belizista eta inbaditzailea duten liderrak zigorrik gabe utz ditzaketen informazio zepoz eta tranpa erretorikoz jositako mundu hau. Bere historian zehar garai ilunak izan dituen arren, orain arte ez da inoiz egon kapitalismoa, inoiz neoliberalismoa,  iruzurrerako hain esku trebeetan. Haren industria handia, makineria perfektua, manipulatutako errealitate bat sortzea da; egiatzat zabaltzen diren iruzurrezko gertaerak irudikatzea, eta mespretxua sortzea gizadiarekiko, gizadia, gero eta baztergarriagoa eta merkataritza gai gisa bakarrik aprobetxagarria. 

Testuinguru larri horrek berekin dakar begirunerik eza inoiz baino handiagoa izatea, oso jarrera gogorra dagoelako herritarrekiko, zeini buruz uste baita ez dutela borondaterik eta adorea erabat galduta daudela. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Hans Jonasek eta Hannah Arendtek diktadore berriez ohartarazi zuten, eta diktadore berri horien misio nagusia herriei egunez egun haien ezintasuna gogoraraztea da, irtenbiderik ez dagoela sinetsaraztea. Horixe da nihilismoaren jatorria: utopia gutxietsi bat. 

Arrazoi horiengatik, 2026an, ibilbide tematiko deritzegunen xedea zera izango da, oligarkiek nahita eragindako noraeza gezurtatu eta kritikatzea, errealitatea bere muinera, bere benetako dimentsio naturalera bueltan eramango duten diskurtsoen bidez. Errealitatea lehengoratzea, horixe da kontua. Inperialismoen zelata berrituaren gaineko analisia proposatuko dugu, eta demokraziaren edo nihilismoaren arteko eztabaida. Aztertuko dugu, halaber, zergatik eraiki garen horrela, gure gogamenaren konfigurazioa eta determinatzen gaituen psikismoa arakatzeko, eta jakiteko zergatik jokatzen dugun modu batean eta ez bestean. Galdera hori argitzeak aukera ematen du eraldatzeko, heldutasun moral handiagoa lortzeko eta gertaerei begira ikuspegi argiagoa sustatzeko. 

Literatura, zalantzarik gabe, proba eremu egokia da zibilizazioak hartu duen norabide arriskutsua zuzentzeko, bilakabide indibiduala zein kolektiboa zentzatzeko, eta, horretarako, protagonista gailenak izango ditugu, historiako gertakarien aurrean, eta are feminismoaren barruan, literatura posizionamendu eta pentsamendu tresna gisa darabilten egileak. 

Bestalde, 2024an eskuak pentsatzen aritu baginen, 2026an ahotsa pentsatzen arituko gara: izan ginen ahotsa, jada galdua, hein handi batean; geratzen zaigun ahotsa; ahotsa kontzientziaren salatzaile gisa; haren antropologia eta filosofia, eta baita garai batean sakratua zen eta egun gailu digitaletan sintetizatzen den elementu gisa duen adierazpena ere.

Beste gai batzuek ikerketa zientifiko eta teknologikoen aurrerapenean sakonduko dute, eta bereziki landuko dute adimen artifiziala eta nola bizi gaitezkeen harekin. Zinema, ingurumen arazo larriak, musika eta dantza ere jorratuko ditugu, baina oraingoan ikuspegia praktikoagoa izango da, eta lekua egingo diegu Mendebaldekoak ez diren kulturei. 

Feminismoari buruzko atala Bestela jarduteko bideak izango da, beste bizimodu, bizikidetza forma eta jakintza modu batzuen hausnarketan erabakigarriak izan diren eta diren emakumeen omenaldia eta aldarrikapena. Topaketen hurrengo edizio honetan, ahotsaren eginkizunari buruzko atal bat egongo da, non jorratuko baitira gure ahotsaren bilakaera, espazio publikoan duen proiekzioa edo nola ari den pixkanaka galtzen, mekanikoki hitz egiten diguten aparatuek ordeztuta.

Ekologiari dagokionez, Zenbat mundu geratzen zaigu? galdera planteatuko dugu, naturako erreserba errealak, horiek luzaroan irauteko bideragarritasuna eta horiek babesteko estrategiak aztertzeko.