Iruñeko 72-22 Topaketak
Nazioarteko kultura eta hausnarketa topaketa da, mundu garaikidearen erronka konplexuei eta arazo sozial presakoenen azterketari buruzkoa. Pentsamendua, arteak, literatura eta musika, aztertzeko tresna bihurtu dira, betiere elkarrizketatik abiatuta, munduko pertsona ospetsuenek parte hartuta eta arte proposamen ugari eginda, mundu garaikideak proposatzen dituen forma berriekin bat etorriz.
+
Nafar Gobernuko Iruñeko 72-22 Topaketen programazioaren edukia Ramón Andrés, saiakeragile, pentsalari eta poetaren proposamena da. Gainera, haren gidaritzapean, talde batek bere ekarpenekin osatuko du programa. Topaketa berriak «larrialdiko eskuliburu» bat sortzeko beharraren arabera pentsatu dira, garaikidetasunaren gai nagusiei buruz eztabaida zorrotza egitera gonbidatzeko, hala nola XXI. mendearen bilakaera, Europaren noraeza, teknologia berriek sorrarazten dituzten galderak, gorrotoari buruzko diskurtsoei aurre egitea, feminismoak pentsatzea eta “beste hizkuntzen” eraldatzeko gaitasunari buruz mintzatzea, esate baterako artea, musika, literatura eta zinema, betiere begirada kritikoko pertsona ospetsuek parte hartuta. Horrela, programa zabal eta indar handikoa garatuko da, eta honako hauek izango ditu, besteak beste: elkarrizketak, mahai inguruak, tailerrak, musika eta eszena emanaldiak, performanceak, zinema, ekitaldiak espazio publikoan eta erakusketak. Ehun bat pentsalari, sortzaile eta artista bilduko dira lehen aldiz Nafarroan, eta Iruñeko Topaketak nazioarteko erreferente bihurtuko dira berriz ere. Nafarroako Gobernuak sustatzen ditu Iruñeko 72-22 Topaketak, eta Baluarte Fundazioak, Iruñeko Udalak, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa antolatzen dituzte, “la Caixa” Fundazioaren laguntzarekin.
Zergatik Topaketaberri hauek?
Iruñeko 1972ko Topaketen 50. urteurrena gogoratu nahi da Iruñeko 72-22 Topaketekin. Nolanahi ere, oroitzapen ospakizun handia izateaz gain, helburua da abiapuntu bat ezartzea, gure komunitatearen dimentsio kultural berri bat ekarriko duena modu iraunkor eta berritzailean, baita eraldatzailean ere, dimentsio etikoa eskaintzeko eta herritartasun kritikoa bultzatzeko gai izango dena.
+
Mundu garaikideak proposatzen dituen hizkuntza berriak herritarrengana hurbiltzea da asmoa, eta, hartara, ulergarri bihurtzea. Horregatik, beharrezkoa da elkarrizketa sortzea, hausnarketan sakontzea eta topaguneak ezartzea, eragiten diguten arazoei aurre egiten laguntzeko eta etengabe manipulatzen den errealitate hegazkor baten konplexutasuna desegituratzeko. Arteak, filosofia, musika, literatura, feminismoak pentsatzea, migrazioak, teknologiari buruzko eztabaida, horiek guztiek ezagutza tresnarik onenak eta eraginkorrenak izan behar lukete, eta baliagarriak izan behar dute errealitatea jasaten ari den nahasmendua argitzeko orduan. Pertsona ospetsuek parte hartuko dute Topaketetan eta bertaratzen diren pertsona guztiek gozatuko dute maila intelektual, artistiko eta politikoan, zentzu zabalean, Nafarroan ez ezik, nazio mailan ere parekorik ez duen efemeridea izango baita.
Zenbateko garrantzia izan zuten 72ko Topaketek?
1972ko udan izan ziren Iruñeko Topaketak, nazioarteko abangoardiako jaialdia, eta Espainian publiko orokorrarekin lotutako arte gertakari nagusitzat hartzen da oraindik ere.
+
ALEA taldeko artistak izan ziren ekimen aitzindari haren antolatzaileak, batez ere Luis de Pabloren eta José Luis Alexancoren ekimenei esker. Huarte Taldeak finantzatu zuen gehienbat. Ildo nagusiak honako hauek ziren: abangoardiaren eta herri tradizioaren arteko elkarrizketa, artisten eta publikoaren arteko elkarreragina eta hori guztia agertoki handi batean integratzea, Iruñeko hirian. Testuinguru horretan, Topaketa haiek, Spoletoko Jaialdiaren, Kasseleko Documenta 5 erakusketaren eta Veneziako XXXVI Bienalaren muntako kultura gertakarien pare jarri zuten Iruña. Hala ere, bultzada hark ez zuen jarraipenik izan, eta denboraren poderioz ahuldu egin zen herritarrengan izan zuen eragina. Hori horrela izan ez dadin, ez da noizbehinkako ospakizun gisa planteatu Iruñeko 72-22 Topaketen programazioa, baizik eta oinarri gisa, Nafarroa erreferente bihurtzeko adinako kultur proposamenak sortuko dituen abiapuntu moduan. Horrenbestez, kontua ez da 72ko Topaketa ausart haiek berreskuratzea eta omenaldia egitea soilik, baizik eta beste ikuspegi bat finkatzea XXI. mendeari begira.