Peru Galbete
Batez ere ahotsa eta irudia erabiltzen ditu lanerako, batzuetan bereizita eta besteetan elkarren artean erlazionatuta. Ahotsaren esperimentazioa, inprobisazioa eta abestiaren iragazkortasuna interesatzen zaizkio, eta taldekako nahiz bakarkako proiektuetan parte hartzen du. Peruk bere mundu artistikoa inguratzen duen iruditeria osoa sortzen du: musika, diseinuak, marrazkiak, olerkiak eta bideoak.
Orain arte lau musika album argitaratu ditu, hainbat formatutan; bigarrena, Voces de la selva, Boliviako oihanean grabatu zuen oso-osorik. Obra eszenikoetarako eta filmetarako ere egiten du lan. Bi film labur estreinatu ditu Punto de Vista Jaialdian, azkena 2023ko sail ofizialean. Bestalde, Uharte Zentroan Uraren Oldea kontzertu musikal-bisuala sortu du, ahots bakarkako batez eta zuzenean proiektatutako diapositibez osatua.
ZE KOLORETAKOA DA AIREA
Kantatzea arnastea da, airea hartzea eta botatzean, zure zerbait ateratzen uztea. Tailer honetan entzumena landu eta ahotsa kanporatzeko dinamika ezberdinak egingo ditugu. Besteenekin erlazioan jarri, hitzetatik haratago duen boterea, duguna, sentitu. Aho hotsa malgutu, arnastu, eraldatu, kantatu, zizelkatu, aditu, hitzak murtxikatu, isuri… Bukatzeko, kantak edo soinu piezak sortuko ditugu, guregatik hitz egingo dutenak. Tailer hau Topaketen “Izan ginen ahotsak” ibilbidearen barne kokatuta dago.





















