2011n sortu zuen Xavier Pastrana zuzendari eta konpositoreak. Musika koralean esperientzia luzea eta musika klasikoaren arloan zeharkako prestakuntza izanik, Xavier Pastranak denbora gutxian lortu du Ensemble O Vos Omnes Katalunian proiekzio handiena duen antzinako musikako ahots taldeetako bat izatea.
Antzinako musikarekiko pasiotik sortu zaio bere errepertorioa gaur egungo munduarekin lotzeko nahia, eta kontzertu bakoitza denentzako esperientzia paregabe, hurbil eta hunkigarri bihurtzen du. Ensemble taldearen proiektu bakoitzaren xedea da antzinako musikak gizarte garaikidearekin elkarrizketan aritzeko duen gaitasunari balioa ematea. Errepertorio eta formatu berriak berreskuratzen, testuinguruan kokatzen eta sortzen lan eginez, Ensemble O Vos Omnes taldeak kontzertu eta lan diskografiko harrigarriak eta zorroztasun tekniko handikoak proposatzen ditu.
Prentsa espezializatuak bere musika errenazentista eta barrokoaren interpretazioak nabarmendu ditu, bai formatu handiko obrengatik, bai lan txikiengatik. Halaber, bere musika garaikidearen interpretazioek harritu egin dute, eta, besteak beste, Bernat Vivancos eta Joan Magrané konpositore ezagunek aitortu dituzte. Doitasun teknikoa eta soinu bereizgarri eta musikaltasun handikoa konbinatzeko gaitasuna da Ensemble O Vos Omnes taldea bere espezialitateko talde bakartzat hartzea bultzatu duen zigilua.