Iaiaiai taldea 11 lagunek osatzen dute. 2022an hasi zen Bruselako YouYou Group ahots taldearekin lankidetza, Instituto Etxeparek antolatutako bisita profesional bati esker. Proiektua 2023an gauzatu zen, Aiaraldea Kultur Faktoriak antolatutako Irrintzi nazioarteko sormen laborategietan, “YouYou & Irrintzi, ahots praktika tradizionalaren begirada berri bat” egitasmoaren barruan.
Proiektuak Afrikako eta Ekialde Hurbileko youyou ahots-teknika eta Euskal Herriko irrintzia elkartu zituen, munduko beste antzeko ahots-tradizioekin batera. Helburua kultur praktika tradizionalak ikertu, garatu eta komunitateekin partekatzea izan zen. Lankidetzaren emaitza gisa, 15 minutuko lehen ahots-performancea sortu eta Amberesen zein Aiaraldean aurkeztu genuen. Esperientzia horren bidez, istorioa, ahotsa, soinua eta espazioa uztartzen dituen metodologia artistiko eta antropologiko bat ikasi eta garatu genuen.