The Strad aldizkariak “arriskatzen duen artista” gisa definitu du. Villanueva (Iruñea, 1988) egungo biola-jotzaile berezienetako bat da, hamabost urte baino gehiagoko ibilbidea du nazioartean, eta hogeita bost herrialdetan baino gehiagotan aritu da. 18 urte zituela egin zuen debuta Bartóken Biolarako Kontzertuarekin, RTVE Orkestra Sinfonikoarekin batera. Bakarlari gisa ibilbide sendoa hasi zuen orkestrekin eta Europa, Ekialde Ertaina, Amerika eta Asiako aretoetan, hala nola Estoniako Orkestra Sinfoniko Nazionalean, Moscow Soloistsen, Venezuelako Simon Bolivar Sinfonikoan, Istanbulgo Estatuko Orkestra Sinfonikoan eta San Petersburgoko Capella zentroan. Errepertorio handia jorratu du, barrokotik hasi eta sorkuntza garaikideraino, eta elkarlanean aritu da hainbat zuzendarirekin, hala nola Michel Plasson, Paul Daniel edo Jacek Kaspszykekin. Gaur egungo musikaren defendatzaile sutsua izaki, hogei estreinaldi baino gehiago egin ditu bakarlari gisa, eta Sofia Gubaidulina, Antón García-Abril eta György Kurtág konpositoreekin lan egin du. Villanuevaren biola bakarrerako azken diskoa, Ritual (2023), ICMA 2024 sarietarako izendatu zuten, eta biola eta pianorako Bohèmes albumak, François Dumontekin batera, 2018ko album onenaren MIN Saria irabazi zuen. Besteak beste, El Ojo Crítico RTVE 2015 eta Madrilgo Erkidegoko Kultura Saria 2019 jaso ditu, eta irakaskuntzarekin uztartu du bere karrera Londresen, Bartzelonan eta Genevan.