Isabelle Duthoitek Lyongo Musika eta Dantzako Goi Mailako Kontserbatorioan amaitu zituen klarinete-ikasketak, Jacques di Donatoren taldean. Egungo musiketara jo zuen berehala, eta konpositore askorekin lan egin zuen. Gero, inprobisazio librean aurkitu zuen bere unibertso kuttuna. Nazioarteko eszena esperimentaleko artista askorekin dihardu lankidetzan, hala nola Dieb13, Angelica Castello, Martin Tetreault, Franz Hautzinger, Hamid Drake, Michael Zerang, Naoto Yamagishi, Phil Minton, Luc Ex, Thomas Lehn, Lê Quan Ninh, Jacques Di Donato, Xavier Charles, Sophie Agnel edo EriKm artistekin. Hiatus, Système Friche, Where is the Sun eta Uruk taldeetako kidea da, eta hainbat jaialditan jotzen du Australian, Zeelanda Berrian, Kanadan, Amerikako Estatu Batuetan, Zimbabwen, Hego Afrikan, Errusian, Europan zein Japonian.
Betidanik izan du ahotsarekiko interesa eta hogei urte daramatza ahots-teknika berezi eta pertsonala garatzen. Lengoaiaren aurreko lengoaia bat. Oihuan zein arnasean sustraiak dituen kantua…
Dantzarekin eta antzerkiarekin lan egin ohi du.
Kairoko Rasha Omram poetaren Celle qui habitait la maison avant moi (Etxean ni baino lehen bizi zen emakumea) lanaren musika sortu zuen eta, ondoren, Avignongo IN jaialdian estreinatu zuen Frantzian.
Jean Marc Troubs komikigilearekin batera, Portrait – Chanté proiektua sortu zuen. Horretan, marrazkiaren eta ahotsaren arteko harreman intimoa jorratzen da.
2020ko urtarrilean, Libelle izeneko proiektua sortu zuen, eta haren sorkuntzan bere lan grafikoak (marrazkiak, argazkiak, autoerretratuak) txertatu zituen.
Isabelle Duthoit Kyotoko (Japonia) Villa Kujoyaman egoiliar izan zen 2008an, Nô antzerki musikaleko kantuak, Bunraku errezitaldia eta iaidoa ikasteko. Jacques Di Donatorekin batera, Fruit de Mhère jaialdia zuzendu zuen hamar urtez. Klarinete-eskolak eman zituen 2013ra arte Evryko kontserbatorioan.
2014 eta 2019 bitartean, ahots-tailerrak eskaini zituen Le Mans-eko Les Quinconces et l’Espal antzokian. Franz Hautzingerrekin batera, Paysages d’écoute jaialdiko programatzailea izan zen espazio horretan bertan. 2018az geroztik, Jacques Di Donato eta Nicolas Nageotterekin batera, Bords de Mhère kontzertu-zikloa antolatu eta programatu du.