Skip to content

Orekari

Orekari arkitektura-kooperatiba 2013. urtean sortu zen, arkitekturari, lurraldeari, arteari eta kulturari lotutako proiektutan lan egiteko asmoarekin, betiere ikuspegi sozial eta jasangarri batetik. Eraikuntza-proiektu “klasikoak” alde batera utzi gabe, parte-hartzearen, lankidetza-artearen eta bioeraikuntzaren munduan barneratzen da Orekari.  Horregatik, Xabi Urrozek, Itxaso Iturriozek eta Ioar Cabodevillak arkitektura adiera zabalenean ulertu eta bizi dute, eta, horregatik, beren proiektuek lotura estua dute hurbilen duten lurraldearekin eta jendearekin, hiria birsortzeko eta eraldatzeko zein aldaketa kultural eta artistikorako eragile gisa erabiltzen baitute arkitektura.

Hirigintzako, arteko eta kultura partizipatibo eta lankidetzako proiektuak garatu dituzte, hala nola Repensar el Contenedorarte-egoitza (2017), Huarte Zentroan, Futbol ateen Hackeoa (2018), A3 eskola-programaren zati gisa,  Objetivo Torre (2019), Ablitasen, Landarte arte- eta landa-programaren barruan, eta Repensar la Periferia, Iruñeko periferiako zenbait herri eta auzotan, non arte eta arkitektura batzen baitira hiri-berroneratzerako tresna gisa.