Europako musika-eszenan oso ezaguna da Ramon Lazkano. Garatzen duen musika-estetikaren ezaugarri nagusiak instrumentuen fintasuna eta konposizio-ausardia dira, eta soinua materia gisa eta soinu-arkitektura etengabeko aldaketan dagoen bitxikeria gisa planteatzen ditu. Modu paregabean uztartzen ditu Alemaniako eta Frantziako abangoardiaren tradizioak, eta ahots berezia sortzen du, non euskal kulturaren musika-tradizioaren azpidoinua eta arte-ondarea ere agertzen baitira.
Monakoko Prince Pierre Fundazioaren Saria eta Frantziako Arte Ederren Akademiaren Georges Bizet Saria jaso ditu, eta Europa osoko jaialdi, orkestra eta talde instrumental ospetsuenen eskutik egin du bere ibilbidea. Egoiliar izan da Espainiako Errege Akademian eta Erromako Frantziako Akademian, eta Musikenen irakasle da sortu zenetik.
Lazkanoren idazkera instrumentala eta konposizio-pentsamendua ikonikoki agertzen dira Igeltsoen Laborategia (Laboratorio de Tizas) lanean, eta aldi berean bokalitatea garatzen du bere katalogoaren ezaugarri diren obretan, Main Surplombe lanean kasu, bai eta 2025ean Parisko Philharmonien estreinatu berri den La Main Gauche operan ere.